Haur batzuek gorreria postlokutiboa dute, hau da, ahozko mintzaira ezagutu edo hitz egiten ikasi ostean geratu dira gorrak, hori dela eta, ahozko mintzaira garatzeko hizkuntz egiturak berenganatuta dauzkate jadanik.
Hipoakusia terminoaren bidez entzumen-urritasuna adierazten da. Hipoakusia duten haurrek, protesia erabilita edo erabili gabe, bizitzan moldatzeko lain entzuten dute. Defizita izanda ere, mintzaira entzumenaren bidez eskura dezakete, baina lexiko arazoak izan ez ezik, eragozpenak dituzte hitzak ahoskatzerakoan edo esaldiak egituratzerakoan. Arazo horiek larriagoak edo arinagoak izan daitezke, hipoakusiaren arabera.
Ume hauek, entzumena ezinbestekoa ez den iharduera guztietan ongi moldatzen dira. Ikusizko pertzepzioan oinarritutako iharduerak, gorputz adierazpenean oinarritutakoak, arreta berezia jarri beharrekoak, kanpoko munduaren ikusizko errepresentazioan nahiz errepresentazio grafikoan oinarritzen diren iharduerak atsegin zaizkie, oso trebeak baitira alor horietan.
Ukimenaren bidez bibrazioez jabetzeko iharduerak, hala nola, perkusiozko musika-tresnez egindako erritmo-jolasak bereziki atsegin zaizkie, soinua entzuten ez badute ere, bibrazio-mugimenduei esker hauteman egin baitezakete.
Oro har, ahozko mintzaira ulertzeko eta adierazteko arazoak dituzte entzumen-defizita duten haurrek eta, ondorioz, mundua ulertzeko arazoak ere badituzte, kultura, hein handi batean behintzat, entzumenaren bitartez gureganatzen baitugu. Gertakariei eta erantzunei aurrea hartzeko, kontzeptu abstraktuak sinbolizatu eta eskuratzeko arazoak izan ditzakete, ikustezinak izanik, hizkuntzaren egitura batean oinarritzen dira eta.

No hay comentarios:
Publicar un comentario